Gozogintzaren jatorria
Dirudienez, gozogintza beste behar batzuei erantzutetik sortutako lanbidea da. Hasera batean, gozogintza sukaldaritzaren atal bat gehiago dela esango genuke; baina nire irudirako, orain arteko historian behintzat, nahikoa aldendurik ibili dira sukaldaritza eta gozogintza. Orain dela gutxi arte, oso arrunta zen bazkari sendo edo itxurazko bat poteko melokotoiarekin amaitzea, edo bestela hor agertzen zen “Etxeko kopa” erraldoia, mahaian batetik bestera bukatu ezinean ibiliko zena. Dena den, gaur egungo sukaldariek beste seriotasun batekin heldu diote gozogintzari.
Gehiengoaren ustez, garai bateko gozogileen jatorrian bi arrazoi daude: janari soberakinei irtenbide bat eman beharra, eta botikagintza. Bai, udaberriko uztaren ondoren fruituak nolabait gorde beharra sortzen zen, eta hortik sortuko dira mermeladak eta likoreetan gordetako fruituak. Gauza bera gertatzen zen fruitu lehorrekin, eta horiek gordetzeko turroiak sortu ziren. Eta arrautza asko baldin bazegoen eskura, bizkotxoak eta “euskal pastela” egingo zen, beste egun baterako gordetzeko.
Bestalde, garai batean botiketan prestatzen ziren nahasketak irentsiarazteko, aurretik nolabait “goxatu” egin behar ziren, eta hor sartzen zen botikagile-gozogilearen lana, botika irensgarri bat egiteko lanean. Hortik datoz gure “konpitak”; edo konpiteroak egindako pilulak, hasera batean botikak irensteko izango ziren, eta ondoren plazer hutsagatik.
Eta egia esateko, pastelerien egitura eta botika dendena ere nahikoa antzekoa da, azken finean, hasera batean gauza bera zirela adierazten dute: aurrean denda eta jendeari arreta, eta mostradore atzetik obradorera edo botikagilearen txokorako sarrera.
Eta hori da kontua, bi behar horiek, soberakinak gorde beharrak eta botikak goxatzeko premiak, lanbide berri bati eman zioten hasera. Gureari haiz zuzen ere.
